XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hiru karabela itsasoan aurrera.

Jo-muga barrietara atera, produkto berriz hornitzeko merkatu berriak aurkitzeko garaia heldua zela igerri zuten Europarrek.

Espedizio anitz Hego eta Ekialdera itsasoratuak ziren urre, zilar, egur, pizgailuen bila....

Urrutiko itsasoetara bere untziak menturatu izan zituen lehen herria Portugal izan genuen, hain zuzen ere.

1478an, portugesek Buena Esperanza-ko lurmuturratik harantz iragan ziren 1487an.

Bestalde, berriz, arrantzo untzi ingeles, frantses eta kantabroek Iparmendebalderuntzko paraje izoztuen albisterik ekarri ere zuten.

Itsas mendekuntzarekiko grina bortitzena jabetu zen orduan Europear Gorteetako gendeetaz.

Indiara zihoaken itsas bidaia aurkitu eta artean ipuin lainoetan bilduak ziren lurralde haietako produkto gutiziatuak Europara garraiatzea zen garaiko errege boteretsuen ametsa.

Giro honetan agertu zen gizon bat, bapatezko jiniuzko burutada batez, gizarte zibilizatuak planetaren geografiari buruz zuen ikusmena zeharo aldaraziko zuena.

Genoba-n, 1451an jaioa genuen Cristobal Colon delakoa.

Zapi ehule baten seme zenez, bere aitaren bizibidean ihardun izan zuen bere lehen gaztaroan.

Baina geografiazko jakin min bizi batek bultzaturik batetik, eta itsasbidaietarako joerak eraginik bestetik, hogeita bat urte bete zitueneko, asperezineko itsasbidailari egin zitzaigun.

Baina, dena den, ez dugu oso ongi ezagutzen Colon-en gaztaroa; Pavia-ko unibersitatean ikasi zuela esaten digute batzuk, inoiz ere ez zela kultura handiko izan diote beste batzuk, eta haren itsasoarekiko ezagutza esperientziatik soil soilik xurgatu zuela.

Marinel arrunt bat bezala egin zuen bidaietako batetan, Islandia-ko itsas ertzera hurbildu zitzaigun.

Tabernatan, garagardo upelen artean entzuna zuen agian, irla hartako gizonek mendebalderuntz eginiko itsasbidaietan lurra aurkitu zutela.

Bestalde, Lurraren borobiltasunarekiko Tolomeo-ren teoria hura gero eta onargarriagoa iruditzen zitzaion.

Zenbat eta dato ugariago aztertu lurralde berriak aurkitzeko haren ametsak gero eta biziagoak ziren.

Ideia iraultzagarri bat zertzen hasi zen haren buruan.

Kolonen argazki anitzetako bat, sonatuena eta egiazkoena agian; Ridolfo Ghirlandaio margolariarena uste denez.